XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1877 ETA EUSKERA BATUA

Ehun urte ez dira igaro, eta Hovelacque-k esandakoa gaurkotasuna galtzen asia da.

Oinarri bako esaera izango ote da, ehun urte betetakoan! Zer inoañ, ba, Hovelacque izkuntzalariak? Hona zer:Euskerearen ugaritasuna, zelan edo halan esateko, ezin kontatzeko modukoa da, auzo bakoitzak bere izketa berezia dauka ta.

Hau, barriz, ez da bapere arrigarria.

Baina bizitzako izketearekin batera, izkuntzak ba dauke beste berbeta orokar bat, zelanbait konbenzionala, eziketearen frutua, eta gehienetan literatura idatziarekin oso lotua.

Euskeraz, barriz, ez dago horrelakorik, eta idazle bakoitzak bere euskerea taxututen dau, norberak bere irudimenaren arabera (A Hovelacque La Linguistique Paris 1877).

Izkuntzea bateratzeko, bide bi izan dira munduan: politika bidea bata, eta idazleen lana bestea.

Gehienik lehenengoa erabili izan ohi da, hau da, zentralismo politiko baten bidez erresuma guztian estaduaren izkuntza ofiziala artu erazotea.

Honelan gertatu da Frantzian, Portugalen, Espainian, Rusian eta abar.

Berau izan da biderik erraz eta bizkorrena.

Baina, Sebero Altubek ederki agertzen eban bezala, Hovelacque-ren denbora hatantxe hain zuzen bere, Ego aldeko euskaldunak Ipar aldekoak lehentxuago euren buru jabetasuna galtzen eben, euren foruak galtzen zituelarik.

Ordurarte euskeraren batasuna, legez lortzeko ahala izan eben; harrezkero berandu zan.

Aurretiko euskaldunak, barriz, ez eben ikusi, izkuntzeak erria batzeko eta indartzeko daukan indarra.

(Beste artikuluren batean, bigarren karlistadan izkuntzeari buruz izan zan jokabide argia aipatuko dot).

Italiarrak, alemanak eta katalanak ez eben batasuna politika indarrez lortu, bestela baino.

Zelan? Idazleen bidez.

Horra hor, ba, gure bidea!.

Euskereak ez dauka inongo babesik, erriaren gogoa izan ezik.

Euskerea, gaurko idazle batek inoan bezala, benetan izkuntza proletarioa dogu, erri behartsuaren izkuntzea.

Erritarrok, ba, nahi badogu, egiaztuko dogu izkuntzearen berbizkundea.

Horretarako, nahi ta nahiezkoa da batasuna.

Amaitzeko, Salvat katalan teatrozaleak Zaldibarren esandakoa datorkit burura:Itsu itsu nago, judutarrak, izkuntzearen berbiztea lortu izan ez balebe, sei eguneko gudua irabaziko ez ebelakoan J.A. Letamendia.

Severo Altube Lertxundi (Irigoienen marrazkia).

Mondragoen jaio zan 1877-an, baina Gernikan bizi; gerra aurretik bertako alkate izan zan.

1920-an Euskaltzaindiko egin eben.

Ez eban Ikastetxe Nagusietan ikasi, baina bere ahaleginez jakituria aundi baten jabe egin zan.

Frantziako linguista aundiekin artuemon estuan egon zan; eta garbikeriaren kontra izugarrizko burrukea egin eban, euskera erritar batera eskritoreak bultzatuaz.

Bere idazlanik entzutetsuenak: Erderismos en El acento vasco eta La vida del euskera .